XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irureta, aurrerago ikusiko dugun bezala, Gipuzkoako Diputazioaren beka batekin joan zen Erromara, eta hondarribitarraren tailerrean hasi zen lan egiten, horregatik sentitzen zen harekiko zorretan.

1891. Hondarribiko Udaletxeko Akta-liburutik (1891ko abuztuaren 30eko batzarraldia, 30. or.), herriko armarria daraman bandera berria aipatzen duen datu bat atera nahi dugu.

Armarri hori Etxenagusiak egin omen zuen Erroman urte hartako lehenengo hilabeteetan.

Enkargu hori lehen aipatu dugun Diputazioaren Jauregiko beiratearenaren aurretik egindakoa zen, zeinetan Gipuzkokako herri guztietako armarriak sartzen baitziren.

1892. Donostian Euskal Joko Floralen Kontsistorioko Sari Nagusia ospatu zen (Udaletxeko Aretoetan), eta Etxenak bi akuarelarekin parte hartu zuen, bata Irrintzi eta bestea Leokide eta Onintza izena zutenekin.

Irrintzi izenekoan gizon indartsu eta sendo bat azaltzen zen, euskal mendietan entzuten zen hots hain gurea den hori botatzen.

Leokide eta Onintza obran aitona baten eta bere hilobatxo neskatoaren eszena jasotzen zen.

Bi pertsonaiok Arakistainen Tradizio eusko-kantabroei buruzko fantasi liburuan zeuden inspiratuta.

Testu horixe bera erabili zuen Kaperotxipik gure mende honetako hogeigarren urtetik aurrera egin zuen inspirazio ikonografiko ohiturazalearen iturri bezala ere.

Berriro Erromara itzuli zenean Via Margutta 33ra, Etxenak, bere Irrintzi akuarelak izandako onarpen handiarekin guztiz animatuta, eszena haren beste bertsio bat egin zuen, oraingoan euskarri bezala oihal eder bat erabiliz eta oleoaren teknika aplikatuz.

Goupil galeristak erosi zuen obra hori, eta horrek ere diru-sarrera ederrak ekarri zizkion.

Goupilek gainera, beste obra batzuk ere erosi zizkion, oraingo hauek Etxenak hain ederki menderatzen zituen literatur gaiei buruzkoak.

1894. Etxenak Bilboko Arte-Erakusketan parte hartu zuen, Berastegi Eskoletan egin baitzen abuztuaren bederatzitik irailaren hamaikara bitartean.

Madrileko Arte Ederretako Zirkuluak antolatutako erakusketa izan zen, Bizkaiko Diputazioaren eta Bilboko Udalaren babespean (lau sail izan zituen: pintura, eskultura, arkitektura eta argazkigintza; eta aitzindarietakoa izan zen argazkigintzako espezialitatea sartzen).

Odaliska (86. zk.) eta Mendian (87. zk.) obrak aurkeztu zituen.

1895. Mariano Barbasanek Etxenagusiaren martxante-funtzioak egiten zituen, haren lanak Municheko Fleischman galeristarenean eta Londreseko French Galeriatan salduaraziz.

Orain Erromako Via Pontefice, zk. 16an zeukan bere helbidea.

1896. Erromatik bi koadro bidali zituen: Nire estudioan eta Al povero cieco izenekoak, Donostiako Arte Ederretako Jauregian ikusgai jarri zirenak, Pintura eta Eskulturako lehenengo erakusketa egin zenean.

Beste batzuen artean honako artista hauek parte hartu zuten: Fortuny, G. Bilbao, Palmaroli, Villegas, Simonet, Sorolla...

Etxenagusiak Chigi Akademian klaseak ematen zituzten irakasleetakoa zen, eta naturaletik (modeloarekin) hartutako dibujoko gelaren ardura zeraman.

Akademia horretan ematen zituen klaseak, berebat, gaueko ordutako irakasle bezala, Jose Villegas sevillarrak ere, bi urte geroago Erromako Arte Ederretako Akademia Espainolako Zuzendari izendatu behar zutenak (1898-1901).

Associazione Artistica Internacionale di Roma delakoak sortu zuen Chigi Akademia hori.